Historia

Altzoko herria bi gunez osatuta dago. Batak Altzo Muño du izena eta besteak Altzo Azpi; bi izen hauek egoera topografikotik eratorriak dira. Hasiera batean aipatu bi guneak independienteak zirela uste da eta akordio bat errespetatzen zutela, zeinaren ondorioz urtero auzo bateko edo besteko alkate eta agintariak txandaka hautatzen baitziren. 


Altzo Muñoren jatorria Gipuzkoako antzeko beste herri batzuren berdintsua da; jendea bizi zen etxeen elkarte bat eratzen joan zen, eliza bat fundatu zutelarik, gaur egun Santa Barbara ermita dagoen leku berean ziuraski. Ermita hau Asuntzio elizak ordezkatu zuen beranduago. Azken hau bizilagunek aukeratzen zuten erretore batek zuzentzen zuen. 

Altzo Azpiren jatorria ordea, ezberdina da, Olazabal Ahaide Nagusiari dagokion feudoa baita. Etxe honetakoen jabegokoa zen Salbatore eliza eta beraiek aukeratzen zuten elizako errektorea. 

Joan den menderarte Legarre eta Zuaznabar Altzo Azpiri zegozkion, bi baserri hauetako biztanleak Olazabalen maizterrak baitziren. Altzo Azpiko nagusi zaharren azken maizterra Izarre zen eta horregatik Altzo Azpiri zegokion baserria kontsideratu izan da gaur arte. 

Ezagutzen den Altzoko dokumentu zaharrena, Gipuzkoako zaharrena da aldi berean; Antso Gartzes III. edo Antso Handia Nafarroako erregearen garaikoa da. 1025. urtean Don Gartzia Azenarez nafarra eta bere emazteak, Donna Gaila altzotarrak, “Olazabal monastegia deiturikoa eta bere ondasunak haralarretik (Nafarroako muga) haya eta helcannorainoakoak (Gipuzkoako kostaldea) zirenak, San Juan de la Peña Aragoiko monastegiari eman zizkioten. Dohaintza hau Donna Belasquita Gartzesek, aipatutako Don Gartzia eta Donna Gailaren alabak bermatu zuen 1056an emandako beste agiri batean. Bertan dohintza oraindik argiroago adierazten da, aipaturiko parrokia San Salvador de Ipuzcoa (Gipuzkoaren izen zaharra) izenaz titulatuz. 
Dokumentu hauetan Gipuzkoaren existentzia lehen aldiz agiaztatzen da. 

Beranduago, 1374ean, Altzo Tolosari lotu zitzaion.. Garai hau Jaun Haundien garaia da eta herrixka askok Jaun Haundien gehiegikeriei aurre egiteko inguruko hiribilduetan bilatu zuten babesa, gehien bat Segura, Ordizia eta Tolosan.. Egoera horrek 1615.era arte iraun zuen; altzotarrek Gaztelako Felipe III.a erregeari hiribildu izateko titulua erosi zioten arte. Beraz,1615ean Altzo burujabe egin zen; Tolosako Jaunaren menpekotasunetik bereiztu zen. 

Bere txikitasunagatik Altzok ezin izan zuen Probintziko Juntetan jarleku bat berak bakarrik ordaindu eta honetarako Bozue Nagusia batasuneko partaide egin zen 1617.ean. Elkargo hau Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrainek osatzen zuten. Altzok elkargo hura 1660.ean utzi zuen Aizpurua deituriko Elkargoarekin bat egiteko (Alegia, Ikaztegieta eta Orendainek osatua). Elkargo hau 1850 aldera utzi zuen. Garai hartan Altzok herri lur zabalak zituen (Altzo mendi), hauek apurka galtzen joan ziren eta jabego pribatuen eskuetara pasa ziren (gehienak Bedaiotarren eskuetara).