Eduki publikatzailea
Atzealdea

XXV. olentzerotan jakin-minez

XXV. OLENTZEROTAN JAKINMINEZ: abenduak 10, 11, 12, 14, 15, 16, 17 eta 18

2021·12·03


ABENDUAK 10

19:00 - LURTARO – Batzarremuñon

LURTARO, elikadura burujabetza bultzatzeko elkartearen aurkezpena

Tolosaldean bertako ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartu eta elikadura osasungarri, ekoizpen eredu duinak eta lantzen den lurrarekiko errespetua ardatz izango dituen elkartea da LURTARO.

LURTARO proiektua kezka batetik abiatu da: orain arteko elikagaien ekoizpen, banaketa eta kontsumo ohiturak aldatu eta hobetu egin behar direla. Hau horrela izanik, hausnarketa luze baten ondoren, elikadura katea beste modu batean antolatzea ahalbideratuko duen proiektu zehatz eta praktikoak jarri nahi dituzte martxan.

Guzti honen berri emango digute elkarteko bi kidek.

 

ABENDUAK 11

Arratsaldean - SUKALDARITZA TAILERRA HAURRENTZAT - Batzarremuñon

 

ABENDUAK 12

AZOKA EGUNA

Ordua: 10.00etatik 14:00etara

Non: Plazan (euria bada, frontoian)

Bosgarren aldiz egingo da Altzon Azoka Eguna.  Bertako eta inguruko ekoizleak salgai jarriko dituzte beren produktuak: babarrunak, mondejuak, sagarrak, eztia, ogia eta gozokiak, olioa, taloak, garagardoa, pateak, txerrikiak, … baita landareak, eskulanak, jantziak, pitxiak, liburuak, xaboiak, ukenduak … Zer ikusi eta zer erosi ugari izango da.

Aldi berean,  TOLOSALDEKO XXIII. EZTI LEHIAKETA egingo da. Ezti gordinak, erlezain berak Tolosaldean ekoiztuak izango dira lehian. 3 finalistak, Zegaman martxoan ospatzen den Erlezain Eguneko Gipuzkoako Ezti Lehiaketan parte hartuko dute.

Eztiaz gain, erlea, erlezaintza eta erlauntzako produktu desberdinak ezagutarazteko erakusketa jarriko da.

 

ABENDUAK 14

18:00 – SUKALDARITZA TAILERRA – Elordi Elkartean

SUKALDARITZA TAILERRA

Altzoko Ostatuko arduraduna den Jokin Zavalak zuzenduta, parte hartzaileek  hiru platerez osatutako menua prestatuko dute.

Ondoren, elkarrekin afalduko  dute prestatutako menu hori dastatuz.

Tokia: Elordi Elkartea

Ordua: 18:00ak

Kuota: 15€

Izena ematea: Udaletxean, abenduaren 10era arte

 

Oharra: parte hartu nahi dutenen kopuruak hala eskatuko balu, tailerra bi egunetan burutuko litzateke, 14 eta 15ean.

 

ABENDUAK 15

MUSIKA EMANALDIA

Ordua: arratsaldeko 18:00etan

Tokia: Batzarremuño Kulturgunea.

Loatzo musika eskolako  musikari gaztetxo eta gazteek eskainitako kantu eta musika emanaldiaz gozatzeko aukera izango da.

 

ABENDUAK 16

19:00 – “BIDEAK” dokumentala eta solasaldia – Batzarremuñon

Artzain baten jatorritik abiatzen da “Bideak” dokumentala. Gazta bat soinean, nafar mendietan barrena korrika erronka batean murgiltzen da Aritz Ganboa artzaina bere arbasoen herriak lotzeko: Sakanako Arruazu eta Erronkariko Izaba. Artzaintza ardatz hartuta, ibilbide horretan zehar hamaika ahots eta lekukotza jasotzen dira, guztiek helburu bera dutelarik: landa eremua eta kultura balioan jartzea eta landa eremu bizi bat aldarrikatzea.

Dokumentala aurkezten izango ditugu Mikel Unanua zuzendaria eta Aritz Ganboa bera.

 

ABENDUAK 17

19:00 – LUDOPATIA (Josu Viana) – Batzarremuñon

Josu Viana Mujika 32 urteko zumarragarra da. Gaztetxoen pilota entrenatzailea da eta bera ere aritzen da pilotan. Apustuek eragindako menpekotasuna tarteko, sei urtetan zuloan egon ondoren, bizimodu berriaz gozatzen ari da.

Menpekotasunari aurre egin ahala,  gizartean arazo honekiko kontzientzia piztu eta ludopatiak erasandakoei laguntzeko erabakia hartu zuen eta, gaur egun, ikastetxeetan prebentzio saioak eskaintzen ditu.

Jokoak bere bizimoduan nola eragin duen, handik libratzeko zer egin behar izan duen eta bidean zer galdu duen kontatuko digu.

 

ABENDUAK 18

19:30etan – ESANEZINen KANTALDIA – Batzarremuñon

ESANEZIN Ianire Aranzaberen (Altzagarate, 1999) bakarkako proiektua da; 2019ko udan eman zituen bere lehen pausoak musika munduan Oriol Flores (Bartzelona, 1979) musikariarekin batera; freskotasuna eta esperientzia uztartuz, 2019ko udan ekin zioten lehen abestiak konposatzeari, popa oinarri hartuta. Proiektuari hasiera eman zioten bi abestiei segida emanez 2021eko maiatzaren 14an kaleratu du “Aireratzen” bere lehen diskoa, crowdfunding kanpaina bati esker. 

 

Aurtengo ekitaldiari amaiera emateko gaztain erreak eskainiko dira plazan.